Berrikuntza oro gizarte berrikuntza da
1 Octubre, 2008 # 7:00 # Sin categoría # 3 CommentsDudarik ez dago: berrikuntza, gizarteratu ezean, denon eskura jarri ezean, ez da sekula benetako berrikuntza izango. Horren ondorioz, berrikuntza orok gizarte berrikuntza behar du izan, erremediorik gabe. Beste kontu bat izango litzateke, berrikuntzaren xedea “gizarte” xedea izatea, “gizarte xede” kontzeptuaren tradiziozko esangura hartuta.
Hala eta guztiz, sistema ekonomikoak bere egin du berrikuntza. Enpresak berrikuntzan sartuta dabiltza, baten batek esan dielako bestela porrot egingo dutela. Aukerarik ez omen daukate, beraz; edo horixe dio behintzat diskurtso ofizialak.
Orduan? Zer? Enpresak ere gizarte berrikuntzan ari dira? Bai ala ez? Enpresa batzuk behintzat, bai, horretan dabiltza, gizartearen zatia diren neurrian eta galera-irabazien kontuaren oso oso mende ez dauden neurrian, gizartea eta irabazteko asmoa sekula ez baitira bat etorri; mundua eurotan neurtu beharrak guztiz baldintzatu ohi baitu enpresaren jarduna.
Daniel Innerarityk galdera interesgarria egin zigun orain egun batzuk gizarte berrikuntzaren kontzeptualizazio i-taldea osatzen dugunoi. Galdetu zuen ea “gizarte berrikuntza” adierazpidea erredundantea ez ote zen. Baliteke. Baliteke gauzak gehiegi korapilatu izana. Argaltzeko dieta egin beharko luke agian “gizarte berrikuntza” kontzeptuak eta funts-funtsean geratu, abizen larregi eransteko tentaldian erori gabe. Sinpletu beharra, berriz ere. Berrikuntza eta kitto. Berrikuntza nahitaez izango baita beti gizarte berrikuntza.
Beste korapilo bat aipatu behar dut, azkenik. Badirudi tematu edo egin garela arauak eman behar dizkiogula gizarte berrikuntzari, aurrean iragarri behar dugula, definitu, zehaztu.
Apika, ordea, Heraklitoren ikuspuntua hartuta ulertu beharko genuke; apika onartu beharko genuke ez dagoela errepikatzerik, beti ere izango dela desberdin, bestelakoa.
Hobe, beraz, berrikuntza besterik gabe gertatzen bada; behin gertatuta, gauzatuta, hasiko gara teoria egiten.
Suscríbete RSS
Comentarios RSS









Susmoa dut, Julen, gehiegizko erabileraren ondorioz berrikuntza hitza ez den mastrikatuko, duen jatorrizko zentzua eta indarra galduko, aldez aurretik beste batzuekin gertatu den bezala, kalitatea esaterako.
Oso hausnarketa zuzena Julen! Badirudi gizarte hausnarketan ibiltzen garenok moda berri honetara salto egin behar genuela, berrikuntzari ere zentzu “soziala” emateko eta kontzeptuen borrokan gure lekua errebeindakatzeko. Aldiz, berrikuntza ikuspuntu historiko batetik begiratuko bagenu, zenbait gauza argitzeko balioko liguke:
1) Berrikuntza bera eta berrikuntzarako bultzatzen diren ekintzak desberdindu egin beharko lirateke. Hau da, azken ondoriak ez dira prozesu arrazional eta kontrolatu baten emaitzak, batez ere berrikuntza bat gizarteratu eta erabiltzen hasten denean ondorio berriak sortzen dituelako. Berrikuntzarako ekintzak diseinatu eta zuzendu egin daitezke, baina ondorioak bai epe motzera eta batez ere epe luzera ezin dira kontrolatu. Berrikuntza ezin da guztiz kontrolatu (gizartekoa egin denean batez ere).
2) Honek esan nahi du, berrikuntza beti dela gizarte berrikuntza, eremu ekonomiko, teknologiko eta zientifikoa denbora eta espazio konkretu batzuetan kokatua dagoelako.
3) Ondorioz gizarte berrikuntzari buruz hitz egiten ia gehienetan berrikuntzarako ekintzak diseinatzeaz aritzen gara, helburu batzuk lortzeko metodologiaz alegia; sustengarritasuna, demokrazia, solidaritatea eta antzerako baloreez hornituta. Baina, maila instituzionalean hori nola lortu hausnartzeaz haratago, (“gizarte”) berrikuntza ez al da benetan kontrola ezina.
Politikariak politika instituzionala diseinatu dezatela eta enpresariek bila ditzatela produktibitate aukera berriak. Baina analisia egiten dugunontzat berrikuntza ezin dugu nahastu ekintza diseinuarekin, gure praktikak aurrera eramateko eta eraldatzeko moduekin baizik. Bestela, berrikuntzaren moda pasatzen denean (pasako delako) ekonomilarien atzetik joan beharko baitugu erabiltzen ari diren kontzeptuari zentzu soziala emateko.
Aipatutako argudio guztiak oso zentzuzkoak iruditzen bazaizkit ere, berrikuntzari “gizarte” adjetiboa ondo dagokiola uste dut.
Izan ere, argi dago berrikuntzak eremu zabala daukala enpresaren munduan, baina oraindik behintzat ez dago horren argi enpresa-kanpoko beste eremuetan ere, gizarte eremuetan hain zuzen, aplika daitekela.
Eta ondo dago, Innobasque bezalako erakunde batek gizarte berrikuntza sustatzeko ardura har dezala, enpresek ekimen hori bere gain hartuko ez dutelako.